2015eko martxoaren 20an, ostirala, sarean argitaratua (CET 17:00).

Gutun irekia Europako Batzordeari

Europako Merkatu Bakar Digitalak eleaniztuna behar du izan!

Eskutitza sinatuNork sinatu duen ikusi

 

Europako Batzordeak Europan Merkatu Bakar Digitala (DSM, Digital Single Market) eratzeko egitasmoari ongietorria eman nahi diogu. Dagoeneko, muga eta eragozpen asko gainditu dira, edo kontuan hartu dira azken DSMko helburuetan. Hala eta guztiz ere, hizkuntza-mugak dira, oraindik ere, Europako ekonomia nahiz gizartea benetan bateratzeko eragozpenik handiena.

Hizkuntza-aniztasuna, Europan, giltzarria da, baita kultura-ondasun baliotsua ere; eta hala izan behar du. Hala ere, EBko gure 24 hizkuntza ofizialek sortzen dituzten hizkuntza-mugak direla-eta, Europako merkatua oso zatituta dago, eta potentzial ekonomikoa galarazten dio horrek. Europako biztanleen ia erdiak ez du inoiz bere ama hizkuntza ez den hizkuntza batean erosten Interneten, zerbitzu elektroniko publikoak estatu bakoitzeko hizkuntzetara mugatzen dira, eta EBko hezkuntza- eta kultura-edukien aberastasuna hizkuntza-komunitateen barnean geratzen da. Europako ETE-ek (Enpresa Txiki eta Ertainek) bereziki sumatzen dituzte kalteak, zerbitzuak hainbat hizkuntzatan eskaintzea izugarri garestia baita eta, hortaz, ondorio zuzenak baititu haien konpetitibotasunean.

Zorionez, muga horiek gainditzeko, Europak ez dio zertan bizkarra eman bere hizkuntza-aniztasunaren ondasunari. Izan ere, aurrerapen teknologikoek aukera berriak sortu dituzte itzulpenak eta beste prozesu eleaniztun batzuk automatikoki egiteko. Teknologia horiek, erabat perfektuak ez izanik ere, onura handiak sortzen dituzte, aukera ematen baitute webguneetan eta zerbitzu elektronikoetan hainbat hizkuntzatan aritzeko, datu eleaniztunetatik ezaupideak erauzteko, bai eta itzultzeko tresnen eraginkortasuna hobetzeko ere.

Dena dela, itzulpen automatikoko eta hizkuntza-teknologietako sareko zerbitzuetan, Europakoak ez diren enpresa globalak ari dira gailentzen, eta enpresa horiek ingelesa eta munduko hizkuntzarik erabilienak baino ez dituzte aintzat hartzen; baztertu egiten dira, beraz, gaitasun ekonomiko handia ez duten hizkuntzak. Horren guztiaren emaitza gisa, Europako biztanleen ia erdiak desabantailak ditu merkatu digitalean, haien ama-hizkuntzari begiratzen badiogu.

Merkatuak, berez, ez dio konponbiderik ematen Europako hizkuntzen erronkari, behar-beharrezkoa baita ekintza europar berehalako eta bateratu bat antolatzea. Europak estrategia bat behar du hizkuntza-mugak gainditzeko, EBko enpresei eta jendeari lagunduz eta EBko hizkuntza-komunitate guztiei aukera digital berdinak emanez.

Horrenbestez, Merkatu Bakar Digitalaren potentzial osoa garatuko bada, ezinbestekoa da hizkuntza-eragozpenak gainditzeko bide teknologikoak kontuan hartzea DSM estrategian. Bide horietariko bat da, besteak beste, Europako biztanle, enpresa nahiz erakunde guztiek erabili ahal izango dituzten zerbitzu digitalak sortzea, EBko hizkuntza ofizial guztietan. Hizkuntza-zerbitzu digitalak sortuz gero, teknologia- eta zerbitzu-enpresei aukera emango zaie hainbat konponbide komertzial sortu eta, hala, merkatuaren behar eta eskakizun ugariri aurre egiteko.

Ziur gaude aipatutako bide teknologikoek, Europako industria-berrikuntza eta ikerketa-emaitza bikainetan oinarrituta, kalitate handiko itzulpen automatikoa egiteko tresnak ekarriko dituztela Europako hiritar, enpresa zein erakunde publikoentzat. Baita, era berean, hizkuntzekin lotutako oso tresna sofistikatuak ere, enpresa, kontsumitzaile eta mugez haraindiko zerbitzu publikoentzat. Une honetan, Europako industriaren eta ikertzaileen komunitatea DSM eleaniztuna helburu duen agenda estrategikoa ari da garatzen. Estrategia-txostena Riga Summit 2015 ekimenean aurkeztuko da (2015eko apirilak 27-29).

Uste dugu Europako Batzordearen DSMrako estrategian eleaniztasuna erronka gisa ez ezik, hazkuntza ekonomikorako eta gizarte-kohesiorako aukera ezin hobe gisa ere aitortu behar dela.

Guk, agiri hau sinatu dugun eragileok –ikertzaile, garatzaile, ETE, merkatu-gidari eta iritzi-sortzaile, eta norbanako–, honako hau eskatzen diogu Europako Batzordeari: kontuan har dezala eleaniztasunaren erronka DSM estrategian, eta konprometitu dadila hizkuntza-mugak gainditzeko konponbideak aurkitzeko elkarrekin jarduteko, hala baino ez baita errealitate bihurtuko benetan integratutako DSMa.

 

Eskutitza sinatuNork sinatu duen ikusi